2deo serieak 2021
DEIALDIA ITXITA DAGO
2deo SERIEAK Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiak sustatutako programa bat da, telesailen sortzaileen (ekoizleak eta gidoilariak) proiektuak tutoretzan hartzeko eta babesteko. Mentoretzak eta aholkularitza indibiduala eskaintzen ditu, eta Donostiako Zinemaldiarekin (SSIFF) lankidetzan garatzen da.
Prozesu osoan zehar hiru mentore egongo dira, eta programan aukeratutako hiru proiektuen jarraipena egiteaz arduratuko dira: Aitor Gabilondo, Christine Vachon eta Xabier Berzosa.
Helburua da aukeratutako proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna azpimarratzea, eta, horrekin batera, euskarazko telesailen eta haien nazioartekotzearen alde egitea, banaketa-eredu berriek eskaintzen dituzten aukerei esker. Telesailen sortzaileentzako 2deo Serieak mentoretza-programak talentu berriak eta ibilbide profesionala duten pertsonak inplikatu nahi ditu, telesail-proiektu baten aldeko apustua egin dezaten, edozein formatu eta generokoa, nazioarteko anbizioarekin eta euskarazko ekoizpenarekiko interes bereziarekin. Edozein genero eta iraupeneko telesail-proiektuek har dezakete parte, fikziozko telesailak eta dokumentalak barne, arreta berezia eskainita plataforma digitalei.
Deialdiaren oinarriakInformazio praktikoa
2deo serieak deialdiaren bidez hiru proiektu aukeratuko dira, gutxienez bat euskaraz, eta horiek izango dira mentoretzaren xedea. Hurrengo hilabeteetan, aukeratutako pertsonek dosier bat prestatuko dute mentoreen laguntzarekin, eta ondoren SSIFF jaialdian aurkeztuko diete ekoizleei, banatzaileei edo inbertitzaileei, bereziki plataformei eta telebista-kateei.
ESKAEREN EPEAK ETA HAUTAKETA
Proiektuak jasotzeko deialdia irekita egongo da 2021eko otsailaren 5etik martxoaren 10era arte (13:00 UTC+2).
Apirilaren 5ean programa osatzeko aukeratutako hiru proiektuak jakinaraziko dira.