Noka
Noka Mentoringen helburua Euskadin eta Nafarroan bizi diren emakume zuzendari hasiberrien film luzeen proiektuak tutorizatu, lagundu eta akonpainatzea da.
Bigarren edizio honetan, Tabakalerak hartuko du bere gain proiektuaren antolaketa, eta zine eta ikus-entzunezko arloaren garapen-programen artean ez ezik, Donostia Zinemaldia (SSIFF), Euskadiko Filmategia eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera osatzen duen erakunde- eta profesional-sarean ere txertatuko da.
Noka
Sarrera
Noka Mentoringek denbora, espazioa, testuingurua eta akonpainamendu profesionala eskaintzen die zuzendari parte-hartzaileei euren filmen hasierako fasean; horrez gain, ahalik eta osoena izango den zuzendari-txosten bat egiten ere lagunduko diete, eremu zinematografikoan gaur egun eskaintzen diren laguntza batzuk eskuratzeko aukera izan dezaten, bai Eusko Jaurlaritzakoak, bai ICAAkoak (Kultura Ministerioko Zine eta Ikus-entzunezko Institutua), eta baita nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionaletakoak.
Prozesu osoan hiru tutore egongo dira, eta horiek hautatutako hiru proiektuen jarraipena egingo dute programa osoan zehar. Hiru tutoreen profilek lotura zuzena izango dute zinema-sorkuntzarekin.
Mentoringean bi alderdi konbinatuko dira: batetik, film baten ideazio-prozesura sormenaren bidez hurbiltzea eta, bestetik, proiektu horiek merkatuan eta zinemaren industrian txertatzeko beharrezkoak diren moduluen eskaintza.
Hautatutako hiru zuzendariek Nokak eskainitako programan parte hartu ahal izan dezaten eta proiektuak ahalik eta baldintza onenetan gara ditzaten, horietako bakoitzak 4.000 €-ko laguntza ekonomikoa jasoko du.
Nori zuzenduta dago?
Noka Mentoring Euskadin eta Nafarroan jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez- fikziozko film luzeko proiektuak dituzten zuzendari berriei zuzenduta dago (lehen edo bigarren filma).
Zuzendari talentudunak eta begirada zinematografiko propioa garatzeko gogoa dutenak babestu nahi dira Noka Mentoring proiektuarekin, bilaketa-prozesua obraren zati gisa ulertzen dutenak, zirriborratzen hasi diren irudi eta soinu horien zergatiari buruzko galderak egin nahi dituztenak, beren proiektuetan dimentsio artistiko eta sortzailea ez ezik zinemaren industrian eta prozesu profesionaletan parte hartzeko beharra integratzen dituztenak, beren film-proiektuek zinearen hiru garaiekin, iragana, oraina eta etorkizunarekin, elkarlotzeko aukera dutenak.
Zinema tradizio artistiko baten parte dela eta, aldi berean, ahots berriak behar dituen industria baten parte dela ulertzeko, begirada anitzen aberastasuna bilatzeko, exigitzeko jarrera hori baloratuko da proiektuak aztertzerakoan.
*Noka programan parte hartzeko hautatuak izan diren zuzendariak hauek dira: Irati Gorostidi, Marina Palacio eta Sara Fantova.
Ekosistema
Noka Mentoring Tabakaleran zinemagintzan aritzen diren erakundeek partekatutako programetan dagoeneko aktibatuta dagoen sare profesionalean eta prestakuntzakoan sartuko da. Tabakalera kultura garaikideko nazioarteko zentroan euskal zinemaren ondarea kontserbatzen eta eguneratzen duen Filmategia dago; baita A kategoriako nazioarteko zinema-jaialdi bat ere, bere programetan industria, merkatua eta sorkuntza garaikidea integratzen dituena; zinema-eskola bat, prestakuntzaren esparruan aitzindaria eta bakarra dena, eta bere hiru espezialitateetan (artxiboa, komisariotza eta sorkuntza) iraganaz, orainaz eta etorkizunaz galdetzen duena; eta zine-pantaila partekatu bat eta erakunde ezberdinen artean egindako zine-proiektuen garapen programak koordinatzen dituen proiektu kulturala.
Aukeratutako emakumezko zuzendariek, beraz, talentu zinematografiko berria sustatzeko Tabakalerak egiten duen lan partekatuko sistema honetan parte hartu ahal izango dute. Horri esker, aukeratutako hiru zuzendariek Tabakalerako pantaila partekatuko zinema-saio guztietara doan sartzeko aukera izango dute programak irauten duen denbora guztian.
Halaber, EQZEko zuzendaritza akademikoarekin bilduko dira, beren proiektuen eta eskola-egutegien arabera, Noka Mentoring prozesuaren hilabeteetan zine-eskolan egingo diren tailer eta klaseetara ikasle gonbidatu gisa joateko aukera aztertzeko. Horrekin batera, industriako akreditazio profesional bat izango dute Donostia Zinemaldiaren 2020ko ediziorako (2020ko irailaren 18tik 26ra) eta, beraz, jaialdira eta haren industria-arlora joan ahal izateko esperientzia hori programan sartuko da, prestakuntza- eta laguntza-jarduera gisa.
Noka, beraz, film bat egiteko prozesua hasteko programa bat da. Luzea den bide baten lehen katebegia da, eta, horregatik, bere lehen fasean eta ahalik eta zuzendaritza-memoria sendoena egitean jarri nahi dugu arreta. Programara aurkezten diren zuzendariei egiten diegun galdera nagusia da zer film egin nahi duten eta zergatik. Zer film daramazu barruan? Programaren barruan proiektua, haren motibazioak, haren indarguneak eta haren potentzialtasun zinematografikoa ezagutzea da eskaintzen duguna.
Informazio gehiago