2deo Saria 2020
DEIALDIA ITXITA DAGO
Deialdi honen helburu nagusia da ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuen garapena eta prototipoak sustatzea. Horiek ikus-entzunezko sektorera bideratuta egon daitezke edo ez. Laborategiak laguntza ekonomikoa eman eta jarraipena egingo die deialdi honen bi ataletan hautatutako proiektuei.
Salbuespen izango dira filmak eta dokumentalak egitera bideratutako proiektuak.
Ebazpena
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, euskarazko ikus-entzunezko edukien 2deo laborategiaren bidez, 2deo 2020ko deialdia ebatzi du. Deialdian ia ehun proiektu aurkeztu ziren eta horien artean zortzi hautatu dituzte. 2deoren deialdiaren helburua ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuak garatu eta prototipatzea da; gainera, 2deoko arduradunen arabera, “hirugarren deialdian parte-hartze handia egon da, gehienbat hautagai gazteak izan ditugu eta euskaraz proposatutako edukiak; ondorioz, 2deoko laborategia finkatu egin da sormen-espazio gisa, eta Euskadiko egungo ikus-entzunezko sektorearen leiho garrantzitsu bihurtu da”.
Uztaila eta azaroa bitartean, 2deo laborategiak prestakuntza-saioak antolatuko ditu ikus-entzunezko proiektuak preproduzitzeko. Gainera, aholkularitza profesionala eskainiko du edukia kontatzeari, lan-prozesuei, proiektuak gauzatzeari eta jabetza intelektualari dagokienez. Hautatutako proiektu bakoitzak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa izango du.
Honako hauek dira preprodukzio-fasean 2deo laborategian lan egiteko hautatutako proiektuak:
- Patrimonio Virtual SL (Arkikus): Parallel V R Dantza, errealitate birtual paraleloko (PVR) app bat.
- Euskal Wikilarien Elkartea: Ikusgela, euskarazko eduki pedagogikoen web-plataforma bat.
- Kim Maiteny Munoa: Uroboros telesaila.
- Jone Arriola: web bidezko Females saila.
- Mirokutana Koop Elk. Txikia: Zapata Berriak telesaila.
- La Traka Producciones: web bidezko Elizalde Zinema saila.
- Carolina Cruz: web bidezko Zuzenean saila.
- Pello Reparaz: Fatum bideoklip interaktiboa.
Hautagai bakoitzak mentoring programa bat izango du proiektua egiteko eta txosten bat aurkeztu beharko du. Azaroan aurkeztutako txosten guztiak aztertuko dira eta gehienez ere hiru proiektu hautatuko dira. Horiek bigarren fase batean sartuko dira, prototipatze-fasean. Bigarren faseak 2021eko urtarriletik maiatzera arteko iraupena izango du eta hautatutako proiektuen artean 50.000 euroko laguntza ekonomikoa banatuko da. Prozesuan sortutako prototipoaren aurkezpen publiko bat egingo da eta, horretarako, jendaurreko ekitaldi bat antolatuko da 2021eko maiatzean, 2deo ikus-entzunezkoen laborategian.